Larunbat honetan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aurten erakunde eta instituzioek euskararen erabilpena erdigunera eraman dute.
Ukaezina da hizkuntzak azken hamarkadetan esparru askotan espazio handia irabazi duela, batez ere akademikoan. Adibidez, orain dela 50 urte pentsaezina zen euskara eskola publikora edo unibertsitatera ailegatuko zela pentsatzea.
Azken urteetan egin diren ikerketek adierazten dutenez, euskararen ezagutza izugarri igo da; arraroa da gaur egun 40 urtetik beherako gazte bat aurkitzea ez dakiena. Baina horrek ez du esan nahi hizkuntzaren erabilpena gure gizartean guztiz integratuta dagoenik.
Ezagutza asko igo bada ere, Soziolinguistika Klusterrak aurten egindako ikerketak azaleratzen duenez, euskal biztanleen artean %12,6aren elkarrizketak euskaraz jazo dira. 1989. urtean, aldiz, elkarrizketen %10,8ak.
Esparruak irabazi dira
Azken hamarkadetan bizitako erabilera aldaketak baditu faktore positibo eta negatiboak. Hala azpimarratzen du Agurtzane Elorduik, EHUn Soziolinguistika Aplikatuaren ikerketa eremuan lan egiten duen irakasle eta ikerlariak. Elorduiren aburuz, esparru asko irabazi ditu euskarak azken hamarkadetan, baina “alde informalean” ez hainbeste: “Askotan pentsatzen da hizkuntza batean ezagutza izateak hitz egiteko gaitasuna ematen duela, eta hori soziolinguistikak aspaldi azaldu du ez dela egia”.
Ezagutzaren aldetik, gazteek prestakuntza ona jasotzen dute eskoletan, akademietan, edota euskaltegietan. Baina Elorduik adierazten duenez, erabilerak beste gauza batzuk eskatzen ditu. “Hizkuntza bat jakitea errezena da, baina modu informal batean erabiltzea gauza oso desberdina da. Hori ez da lortzen euskara ikasten soilik”.
Euskarak gaur egun pisu akademiko handia dauka; gazte askok daukaten erregistro bakarra euskara formala da, eta zailtasun handia daukate erregistro hau euren harreman informaletan aplikatzeko. Elorduiren esanetan, ez daukate “tresna nahikorik” euskara kalean erabiltzeko: “Jaio direnetik euskara eskolako kontua bezala ulertu dute; are gehiago, askok inposizio bat bezala ikusten dute”.
Hau guztia ikusita, Elorduik nabarmentzen du gazteek eskolan ikasitakoa ez dutela kalean erabiliko. Hortaz, afera honen inguruan gogoeta sakon bat egitera gonbidatzen du ikerlariak: “Mundu akademikoan ikasten dena akademiarako da. Argi dago esparru formaletan euskarak asko irabazi duela, baina alor informalerako bide desberdinak bilatu behar dira. Beste estrategiak arakatu behar dira kalean erabilera sustatzeko”.
Nolanahi ere, Elorduik ospatzen du euskarak azken hamarkadetan irabazi dituen esparruak, 1980.eko hamarkadako belaunaldientzat “pentsaezina baitzen” euskaraz ikastea unibertsitatean, adibidez
Hirietan erabilpen gutxiago
Soziolinguistika Klusterrak kalean 600.000 pertsona baino gehiago eta 200.000 elkarrizketa baino gehiago entzun eta gero 145 herrietan, ondorioztatu du euskaldunen %12,6ak baino ez direla euskaraz aritzen.
Hiri handietan erabilpen hori are eskasagoa izan ohi da, eta horren adibide garbia Bilbo daukagu. Soziolinguistika Klusterrak badio azken hamar urteetan Bilboko erabilera %4,3tik %3,5ra jaitsi dela. Honek esan nahi du 1980.ko hamarkadan baino euskara gutxiago erabiltzen dela egun Bilbon.
Elorduik adierazten duenez, zerbait "lausotzen" ari da euskararen erabilpenean; hala ere, gorabeherak egotea “normala” dela azaltzen du: “Euskararen normalizazio prozesua 40 urteko ibilbidea dauka, eta gorabeherak jasotzea guztiz normala da. Orain beherako egoeran gaude, baina etorkizunean etor daitezke goranzko korronteak, edo ez, hori jakitea ez da erraza”.
Elorduiren esanetan, euskarak gaur egun duen testuingurua, beste hizkuntzena bezala, gero eta konplexuagoa izango da. Egoera horrek aldarrikapen egokia bilatzea eskatzen du: “Batzuetan egiten diren aldarrikapenak zaharkituak daude, ez baitira baliogarriak gazteentzat”. Hortaz, diskurtso berriak gazteekin batera eraikitzea ezinbestekoa dela nabarmentzen du: “Gazteei ahotsa eman behar zaie”.
Erabilpenak bultzada sakona behar badu ere, Elorduik ospatzen du hizkuntza honek gizartean daukan iritsi eta jarrera: “Euskararekiko jarrera oso ona dago gazteen artean, baina hori ez da erabilerara eramaten. Espero da pertsona batek euskara jakieteagatik euskara erabiliko duela, eta ez da horrela”.
Gaia konplexua bada ere, Elorduik defendatzen du hizkuntza honen erabilera bultzatzeko gako nagusia “euskaraz ondo pasatzea” dela: “Esanguratsuak diren ikus entzunezkoak edota sormen lanak egin behar dira”. Laburbilduz, esparru akademikoan ez ezik, aisialdirako tresna gisa bultzatu behar da euskara, gazteek tresna informal bat bezala landu dezaten.
Euskaraldia
Azken urteotan ekintza ugari egin dira euskarari bultzada eta babesa emateko. Ekintza horien artean Euskaraldia nabarmendu daiteke. Larunbat honetan amaitzen den hirugarren edizio honetan 161.099 pertsonak eman dute izena. Halaber, 6.634 entitateek babestu dute ekimena, eta 8.563 arigune sortu dira.
Euskaraldiak daukan xede nagusienetariko bat euskara informala bultzatzea da, eta Elorduik nabarmentzen du ekintza oso interesgarria dela hau. “Batzuetan identifikatu behar dugu nori egin ahal diogun euskaraz, eta txapari esker entzuteko edo hitz egiteko prest agertzen da jendea. Fakultatean batzuk ez dira ausartzen euskaraz lehenengo hitza izateko eta gazteleraz egiten dute, baina norbait belarripresten txapa ikustean euskaraz egiteko aukera sortzen da”.
Era berean, denda batean ‘euskaraz egin daiteke’ kartela ikustean “euskaraz arazorik gabe egiteko” aukera sortzen da, beraz, identifikazio aldetik oso aproposa izatea ez ezik, jarrera batzuk alda ditzake euskaraldiak.